Iturrama B.H.I
«ITSAS-LAMIAK – SIRENES»
Hondakinen gaian sakontzeko, aurten Iruñeko Udaleko ingurumen sailak aurkeztutako “Itsas lamiak – Sirenes” programan parte hartzeko hautatuak izan gara.
Programa honetan, batez ere eta modu oso originalean plastikozko hondakinek itsasoetan eragiten dituzten inpaktuei buruzko sentsibilizazioa landu da, dantzaren bidez. Frantziatik zetorren koreografo baten laguntzaz, DBH1.go mailako ikasle guztiekin ikastetxean burutu diren saio koreografikoetan itsas animalien mugimenduak landu dira. Ondoren, programan parte hartu duten beste ikastetxeekin batera Donostiara Victoria Eugenia antzokian Biarritzeko Malandain balletaren “Sirenes” ikuskizuna ikustera joan ginen. Ikuskizun honetan, aurretik landutako mugimendu ugari baliatuz, itsaso eta ozeanoetan plastikozko hondakinek sortzen dituzten arazoak salatzen dira ikusleen emozioekin lotuz.
Arazoarekin konektatu ondoren, proiektuan proposatzen ziren unitate didaktikoak Biologia eta Geologia ikasgaian eta tutoretzan hondakin plana aurkezterakoan txertatu dira. Hauek oso praktikoak eta eraginkorrak izateaz gain, hondakinek sortzen dituzten ingurumen inpaktuetan murgiltzeko oso lagungarriak izan dira. Hona hemen landutako unitate didaktikoen zerrenda:
- “Bideo-foruma”, unitate honetan neska batek plastikoarekin duen menpekotasunarekin bukatzen duela kontatzen digun bideoan oinarrituz bideo forum bat planteatzen da. Ariketa hau ikastetxe mailan aplikatu dugun hondakinen planean txertatu dugu.
- “Biodegradagarria” izeneko unitatearen bidez material desberdinen biodegradagarritasuna aztertu dugu, horretarako material desberdinak (plastiko desberdinak, aluminioa, fruta hondarrak, porexpana eta kartoi zatiak) lurperatu dira eta hilabete baten buruan zeintzuk eraldatu diren aztertu dugu.
- “Ba al zenekien?” izeneko unitatean plastikoak ozeanoetan eragindako kutsadurari buruzko informazioa emateaz gain, horrek gure eguneroko bizitzarekin duen lotura adierazten da.
- “Plastikoen kalkulagailua” jarduerarekin urtean zenbat plastiko erabiltzen dugun kalkulatu dute (interneteko inkesta; http://calculadoraplasticos.greenpeace.es/), ondoren ohiko bizitzan plastikoarekiko menpekotasuna murrizteko “vivir sin plastico” webgunean ageri diren aukerak aztertu eta eztabaidatu ditugu (https://vivirsinplastico.com/) eta bakoitzak familiekin euren etxeetan aldaketaren bat egiteko konpromezua hartu du.
- “Nora doaz kalera botatzen ditugun hondakinak”? Unitate honi esker hondakinak kaleko paperontzian uzten ez ditugunean noraino iris daitezkeen aztertu dugu. Horretarako, Iruñerriko hondakin uren mapa digitalen bidez, IDENAko mapak, kaleko estoldetatik sartzen diren hondakinek burutzen duten bidea aztertu dugu, araztegitik pasako dira?