Ibilbide pedagogikoa
Noe programak eskaintzen duen ibilbide pedagogikoak lau etapa ditu:
1. ETAPA: Testuinguruan kokatzeko saioa (2 orduko iraupena). Ingurumen hezitzaile batek eta koreografo batek zuzentzen dute saioa. Bertan, klima-aldaketari buruzko hausnarketa bultzatzeaz gain, ikasleek lehen harremana izango dute dantzarekin eta gorputz-adierazpenarekin. Jarduera ikastetxean bertan egiten da, egokitutako gela batean, gimnasioan edo espazio irekian.
2. ETAPA: Saio koreografikoa (2 orduko iraupena). Malandain Ballet Biarritzeko dantzariek dinamizatua, Noe obraren mugimendu eta sekuentzia koreografiko esanguratsuenetako batzuk lantzen dira. Jarduera ikastetxean bertan egiten da, egokitutako gela batean, gimnasioan edo espazio irekian.
3. ETAPA: Topaketa Noe obrarekin eta dantzariekin solasaldia. Noe obraren pase berezia da, proiektuan parte hartzen duten ikasleei soilik zuzendua. Ikuskizunaren ondoren, dantzariekin eta koreografoarekin solasaldia dago, artistaren ikuspegia ulertzeko eta balletaren mundua hobeto ezagutzeko. Jarduera hau 2023ko maiatzaren 18an eta 19an egingo da Victoria Eugenia Antzokian.
4. ETAPA: Material didaktiko osagarria. Ikasleei online jarduera didaktiko batzuk proposatzen zaizkie, klima-aldaketaren gaia lantzeko eta gaia ikasgelan curriculumaren arabera txertatzeko. Materiala Euroeskualdeko hiru hizkuntza ofizialetan dago eskuragarri.








